Gaur egun plastikoen hondakinek sortarazten duten arazoari aurre egiteko aukera bat polimero biodegradagarriak erabiltzea da. Hauen artean polilaktidak interes handia piztu du baina elikagaien ontziratzean erabilgarria izan dadin bere deformakortasuna hobetu egin behar da. Helburu horrekin lan honetan polilaktidari polietilenglikol plastifikatzailea gehitu zaio. Zehazki hiru polietilenglikol desberdin erabili dira eta pisu molekularrak propietate fisikoetan daukan eragina aztertu da. Plastifikatzailea gehitutakoan beira-trantsizio tenperatura jaitsi egiten da, bereziki pisu molekular altuena duen polietilenglikola gehitutakoan, eta kristalinitate-maila handiagoa egiten da. Bolumen askean aldaketak txikiak badira ere, plastifikatzaile kantitatea handitu ahala, bolumen askea nabarmen handiagoa egiten da. Hesi ezaugarriei dagokienez, oxigenoaren kasuan iragazkortasuna murriztu edo bere horretan mantentzen da; karbono dioxidoaren eta uraren kasuan ordea, iragazkortasuna handiagoa egiten da plastifikatzaile kopuruarekin. Aipatzekoa da plastifikatzaile nahaste desberdinen artean pisu molekular baxueneko plastifikatzailea duen sistemak azaltzen dituela iragazkortasun balio altuenak. PEG 1500 eta PEG 4600 sistemen kasuan aldaketak ez dira hain nabariak eta pisu molekularraz gain beste faktore batzuek, hala nola, beira-trantsizio tenperatura, kristalinitate-maila eta bolumen askeak, ere eragina daukate.