Inguruneko ezaugarriek eragina izan dezakete herritarron portaera osasungarrietan. Badirudi bizi garen tokiaren eta gure elikadura-ohituren artean erlazioa dagoela. Beraz, ingurunea bizilagunen ikuspegitik ezagutzea beharrezkoa da biztanleriaren elikaduran eragina duten determinatzaileak baloratzeko. Ikerketa gutxik aztertu dituzte hiri-inguruneak herritarren ikuspuntutik. Horregatik, azterlan honen helburua Bilboko auzo bateko elikadura-ingurunearen diagnostiko komunitarioa egitea izan zen, eta horretarako Photovoice Partaidetza-Ekintza Ikerketa metodologia erabili zen. Proiektu honetarako parte-hartzaileak Auzo Elkarteen bidez bildu ziren. Photovoice-rako, inklusio-irizpideak betetzen zituzten gizon eta emakumeez osaturiko talde heterogeneoa sortu zen. 2017ko apiriletik uztailera, aukeratutako 6 auzotarrek bi orduko iraupeneko 5 talde-saioetan parte hartu zuten, eta haiek ateratako argazkiei buruzko eztabaida kritikoak burutu ziren. Auzoko elikadura-ingurunea deskribatzeko 30 argazki batu ziren guztira. Adostasun prozesu baten ondoren, parte-hartzaileek 9 kategoria identifikatu zituzten eta horiei lotutako 13 argazki adierazgarri aukeratu zituzten. Amaitzeko, emaitza horietan nabarmendutako ezaugarriak 6 gai kontzeptualetan batu ziren: 1) Ohitura txarrak, 2) Kultura-aniztasuna, 3) Harreman sozialak, 4) Iraunkortasuna, 5) Merkataritzaren eraldaketa, 6) Ohitura osasungarriak. Herritarrek haien elikadura-ingurunea hobetzeko proposatutako gomendioak Bilboko arduradun politikoei aurkeztu zitzaizkien. Photovoice proiektuaren bitartez herritarrek haien elikadura-inguruneari buruz zuten ikuspegia ezagutu zen, eta baita testuinguru horrek ohitura dietetikoetan duen eragina aztertu ere. Auzotarren eskutik lortutako ondorioak lagungarriak izan daitezke tokian-tokiko politika eta esku-hartzeak gidatzeko, elikadura-ingurune osasungarriagoak sustatzeko helburuarekin.